Arte-lanak

kutxaren Arte Ondarearen bilduma

Aberastasun handiko ondare-funtsa da, Euskal Arte Moderno eta Gaur Egungo Artearen bildumak osatua, Gipuzkoakoa biltzeko joera bereziarekin, hortik baitoa kutxaren helburua ere, hau da, dagokion lurraldeko kultura sustatu eta jendartean zabaltzea.

kutxa Arte Ondarea bildumak 5.500 lan inguru biltzen ditu gaur egun, lehen Aurrezki Kutxa Munizipalak eta Probintzialak zituzten bildumetakoak, baita 1990etik aurrera kutxak berak bi bidetatik eskuratutakoak ere, hau da, erosketa bidez edo emaitza bidez, erakusketa-gelak erabiltzearen ordain gisa edo Artista Berrien lehiaketetan saritutako lanak bereganatu izan dituelako.

REMIGIO MENDIBURU MIRANDA - Viento de abismo, c.1976
"Viento de abismo", c.1976 -
Remigio Mendiburu Miranda

Bildumaren denbora-profila bi Kutxen historiarekin paraleloan garatu da, XIX. mendearen bigarren erdian hasi eta gaur egunera arte; eta bere ekintza-eremua Gipuzkoan jaiotako edo Gipuzkoari atxikitako, eta hedaduraz Euskal Herriko, sortzaileei dagokie.

"Izaera espezifikoa" duen bilduma da, beraz, eta ordezkaturik dauden artistek askotariko teknikak erabiltzen dituzte beren lanetan: hainbat formatutako margolanak zenbait euskarritan, paper gaineko marrazkiak, lan grafikoa, eskulturak hainbat gai erabiliz (burdina, zura, brontzea edo erretxinak, zeramika, portzelana…), argazkiak edo teknika mistoak, adierazpide figuratibo edo abstraktuen bidez artearen gai eta genero guztiak landuz (paisaiak, erretratuak, natura hila, biluzia eta ohiturazko eta barruko eszenak).

Aniztasuna da bildumaren bereizgarri nagusietako bat; XIX. mende bukaeratik gure egunotara arte izan diren mugimendu plastikorik garrantzitsuenak daude ordezkatuta, eta aipamen berezia merezi du "Gaur" (1965) taldeak, bere kideen lanek egiten baitiete harrera Garibai kalean kutxaren egoitza zentraleko atondora iristen direnei. Margolaririk esanguratsuenen artean, hor daude Zuloaga, Elias Salaberria, Ignacio Ugarte, Joan Etxebarria, Aurelio Arteta, Daniel Vazquez Diaz, Francisco Iturrino, Valentin eta Ramon Zubiaurre, Julian Tellaetxe, Flores Kaperotxipi, Jesus Olasagasti, Gustavo de Maeztu, Aszensio Martiarena, Gaspar Montes Iturrioz, Bernardino Bienabe Artia, Ricardo Baroja, Darío de Regoyos, Menchu Gal, Bonifacio Alfonso, Bizente Ameztoi, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias, Jose Antonio Sistiaga, Nikolas Lekuona, Fernando Beorlegi, Juan Luis Goenaga edo Jose Luis Zumeta; halaber, bertan dira XX. mendean Gipuzkoan izan diren eskultore handiak: Eduardo Chillida, Jorge Oteiza, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Rikardo Ugarte edo Jose Ramon Anda, besteak beste.

IGNACIO UGARTE Y BERECIARTE - Las planchadoras, 1889
"Las planchadoras", 1889 - Ignacio Ugarte y Bereciarte

Bildumaren izaera irekiak orain helburu hauek ditu: jada bertan dauden artista esanguratsuen obra osatzea, eta belaunaldi berriagoetakoak diren eta kalitatezko ibilbide frogatua duten egileen lanak sartzea. Horren haritik, azken urteotan eskuratutakoen artean aipagarriak dira honako hauenak: Jesus Mari Lazkano, Esther Ferrer, Andres Nagel, Jose Zugasti, Cristina Iglesias, Koldobika Jauregi, Jose Ramon Amondarain, Manu Muniategiandikoetxea, Dora Salazar edo Alejandro Garmendia.

Aldi berean, aipaturiko edukiak bai fisikoki eta bai birtualki jendarteratzeko egitasmo garrantzitsua du kutxak: eta horretarako bere nahiz besteren ekimenezko erakusketetan parte hartzen du, argitalpen bereziak egiten ditu, arte-lanak kutxaren beraren gune publikoetan jartzen ditu, beste kultura-gune batzuei komodatu-kontratuz lagatzen dizkie, edo beste ekintza asko egiten ditu.

Bisita Birtuala

Ezagut itzazu, 3D ingurunean, bildumako lanik adierazgarrienak. Ezagut itzazu, 3D ingurunean, bildumako lanik adierazgarrienak.

Bideoa

Gure bilduma Kubo-kutxa aretoko “Itsasurdin” erakusketan (2011).