Fototekaren Historia Laburra

Ricardo Martín eta Maria Cristina Erregina
Ricardo Martín eta Maria Cristina Erregina
Paco Mari-ren erretratua
Paco Mari-ren erretratua

Kutxa Fototeka 1973an sortu zen. Bi funtsekin: Pascual Marín-ena eta Foto Car-ena. Funts horiek gordetzeko lehen ekintza beren albumetatik ateratzea izan zen, bizkarroiz beterik baitzeuden. Hori Aurrezki Kutxa Munizipalak San Martin kalean zuen eta jada desagerturik dagoen sukurtsaleko sotoetan egin zen. Sukurtsal hartan egon ziren bi urte inguru funtsak. Lehenengo une haietan Juan Luis Mendizabal izan zen beraien arduraduna. Handik Moneda baserrira igaro ziren, eta han Patxi Urkiolak, erakundean erretiroa hartutako langileak, antolatu eta gorde zituen album berrietan funts haietako argazkiak. Patxi Urkiolak bildumarekiko zuen interesa ulertzeko kontuan izan behar da, alde batetik, irudi historikoek sortzen zioten zaletasun eta jakin-mina, eta, bestetik, Foto Car-eko langileetako batekin zuen adiskidetasuna, hark erakusten eta azaltzen baitzion argazki-bilduma. 1986an Sevillan egingo zen “Espainiako Argazkilaritzaren Historia” biltzarraz informazioa iritsi zen Aurrezki Kutxa Munizipalaren kultura-sailera. Artxiboaren ordezkari gisa, Patxi Urkiola joan zen, eta txosten txiki bat egin zuen. Biltzar hartan argazkilariei eta horien lanari buruzko datuak aurkeztu ziren agiritegi, bilduma, liburutegi, museo eta argitalpenetatik ateratakoak, betiere Espainiako argazkilaritzaren 1839 eta 1986 arteko Historia argitaratzeko helburuarekin. Hitzaldiak Argazkilaritzaren Historia Elkarteak (Sociedad de Historia de la Fotografía) argitaratu zituen.

Pascual Marín bere dendan saltzaile batekin
Pascual Marín bere dendan saltzaile batekin

Lehenengo kontsultak Moneda baserrian hasi zituzten bertoko historialariek, Javier Sadak adibidez. Jauzi handia 1986tik aurrera eman zuen fototekak Argazkiak saila argitaratu zuenean; Juan Antonio Garmendiak koordinaturik, 5 liburuki egin ziren fototekako irudiekin, eta beste 8 Gipuzkoako herrienak; horrela jende guztiaren eskura jarri ziren funts hiaetan gordetako irudiak. Beste funts batzuek egindakoa ikusi ondoren sortu zen liburu-bilduma hori, adibidez Gasteizko Udalaren Agiritegiak bere argazki-funtsetatik zenbait argitalpen egin zituen, jendearen aldetik oso harrera ona izan zutenak, haietako batzuk hainbat aldiz berrargitaratuak. Handik aurrera beste hainbat argazki-funts lortu ziren, Javier Gallego, Víctor Charola, Carlos Villagrán, Photomuseum eta Dolhagaray-renak, besteak beste.

Funtsetan argazkigintzaren mende eta erdi luzeko historian garatutako prozesu gehienak daude presente. Ferrotipoak, zianotipoak, albumina-kopiak, belzte zuzeneko kolodioi eta gelatinak, platino-kopiak, fototipiak, kolore-prozedura aitzindariak sintesi gehigarriaren bidez (autokromoak), errebelatu kimikoaren gelatina-negatiboak beirazko euskarriaren gainean, gardenkiak eta pare estereoskopikoak beirazko euskarriaren gainean, negatiboak plastiko gainean (zelulosa-nitratoa eta azetatoa), gardenkiak kolore kromogenoaren gainean, errebelatu kimikoaren gelatina-kopiak (barita-paperaren eta R.C. paper plastikoaren gainean), kopiak kolore kromogenoaren gainean, kolore-prozedurak tindagaien difusioaren bidez, etab. Horregatik guztiagatik Fototekaren artxiboa balio handikoa da argazkilaritzaren historiaren ikuspuntutik, eta oso konplexua bere bolumen eta barietateagatik, zaintzaren ikuspuntutik.