JOAQUÍN ANTONIO DE CAMINO Y ORELLA

Liburutegiaren gela baten bista
Liburutegiaren gela baten bista

Donostian jaio zen, baina data zehatza ez da ezagutzen.

Santa Marian bataiatu zuten 1754ko uztailaren 13an.

Liburuak eta apalategiak
Liburuak eta apalategiak

Donostiako kronikari ofiziala izan zen.

Elizgizona. Bere lehenengo ikasketak Iruñeko Santiago Komentu Unibertsitatean egin zituen: filosofiako hiru urte. Ondoren Zaragozara joan zen, eta han teologiako bi urte egin zituen, legeak ikasi zituen, batxiler graduatu zen eta filosofia eta zuzenbide kanonikoko ikasketak ere egin zituen. Bi zuzenbidetan doktore, aldi batez erlijiosoen komunitateetan predikatzen aritu zen. Donostiako hiriaren aginduz, udal-agiritegia ordenatu eta aztertzeko eta ustiatzeko zoriona izan zuen, 1813an erabat suntsitu baino lehen.

Halaber, hiri berean San Bartolome Harresiz Kanpoko Errege-Monasterioko agiritegia ere aztertu zuen. Lan eskerga horren emaitza izan zen bere obra nagusia: Historia Civil, Diplomática, Eclesiástica, Antigua y Moderna de la Ciudad de San Sebastián; lehenik zatika Aurrera aldizkarian argitaratu zen separata gisa 1780an, eta Euskal-Erria aldizkarian 1887tik 1892ra bitartean. Liburu gisa, 150 aleko argitaraldi murriztuan, Donostiako Baroja argitaletxean agertu zen. Segundo Ispizuak berriro argitaratu zuen Madrilen (1923), baina ez zen iritsi ateratzera bigarren liburukia, hiriaren barne-historiari buruzkoa.

Dr. Caminoren beste lan bat San Sebastián artikulua da, "DGHRA", 1802koa. San Ziprianoren lanak itzuli zituen, baita latinetik gaztelaniara C. Sebastián Berardi-ren Instituciones Eclesiásticas-en 2 liburuki ere. Lege-gaietan zuen ezagutzagatik, Donostiako elizetako Eliza Kabildoak hainbat arazo garrantzitsuren ardura eman zion Errege-Ganberaren, Gaztelako Kontseiluaren eta Iruñeko Eliza Auzitegiaren aurrean. Oñatiko Unibertsitatean irakasle izan zen, eta filosofia, erakunde zibilak eta kontzilio orokorrak eta nazionalak irakatsi zituen. Bertako errektore izan zen, urteak zehaztuta ez badaude ere (Arocenaren arabera, 1787an); bere egonaldian desadostasun iskanbilatsuak izan zituen mendeko irakasleekin, probintziako agintariek esku hartu behar izateraino… Konbentzioko eta Napoleonen gerraren ondoriozko gorabeherengatik, mugatik urrun zegoen lekuren bat bilatu zuen. 1819ko irailean hil zenean Lugoko katedraleko kalonje zen hiri hartan. 1866ko irailaren 12an hartutako erabakiz Donostiako kale batek haren izena du, eta hori 1907an eta 1916an berretsi zen.

Iturria
Idoia Estornés Zubizarreta
Auñamendi Eusko Entziklopedia