Serapio Mujika Zufiria

Serapio Mujika
Serapio Mujika

Serapio Mujika Zufiria 1854ko azaroaren 14an jaio zen, Ormaiztegiko Biona etxean (Gipuzkoa). 1855. urtean kolera-izurrite batek erasan zion aipatutako herriari, eta horren ondorioz, umezurtz geratu zen 10 hilabete zituela. Tolosan eta Bergaran egin zituen batxilergoko ikasketak, eta gero Zaragozara joan zen zuzenbide- eta notariotza-ikasketak egitera, amaitu gabe utzi zituenak. Institutuaren egoitza: bista bat Institutuaren egoitza: bista bat

Bere baserriek ematen zizkioten etekin eskasek eta enpresa baten zorigaitzeko kudeaketak —landa-jabego guztiak saltzera behartu zuena— soldatapeko lanpostua bilatzera bultzatu zuten.

1881ean, Ignazia Mujika Arregirekin (1858-1940) ezkondu zen. Eta hainbat seme-alaba izan zituzten: Remedios, Gregorio, Dolores, Jose eta Leandro.

Haren lanbide-jardueran bi interesgune nabarmentzen dira: artxibozaina eta historialaria; biak estu loturik joan direnak.

Serapio Mujikaren semearen ezkontza
Serapio Mujikaren semearen ezkontza

Artxibozaintzaren esparruan, Gipuzkoako artxiboetako inspektorea izatera iritsi zen, hala izendatu baitzuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 1893. urtean. Kargu horrek ikaragarrizko lana eragin zion Gipuzkoako hainbat herriren artxiboak ordenatzen: Zestoa, Aizarnazabal, Astigarraga, Donostia, Eibar, Errenteria, Ezkioga, Hondarribia, Irun, Oiartzun, Ordizia, Zumaia eta Zumarraga. Hark buruturiko lanak, sortu zituen aurkibideak eta artxiboen sailkapenerako koadroa indarrean egon dira XX. mende osoan eta are XXI. mendearen hasieran ere.

Historialari gisa, bi oinarri izan zituen: bere erudizio handia eta artxibozain-lana garatzen ari zela aurkitu zuen material-andana.

Haren argitalpenen artean hauek dira aipagarrienak: "Curiosidades Históricas sobre San Sebastián" (1898), "Alarde de San Marcial de Irún" (1901), "Monografía Histórica de la Villa de Irún" (1903), "El blasón de Guipúzcoa" (1915), "Las calles de San Sebastián" (1916) eta, jakina, "Provincia de Guipúzcoa" izeneko liburukia "Geografía General del País Vasco-Navarro" obraren barruan. Lan horiei ehunka artikulu erantsi behar zaizkie, aldizkari ugaritan idatziak: Euskal Herria, Yakintza, Euskalerriaren alde, Euskal Esnalea, Aranzazu, Revista Internacional de Estudios Vascos, eta abar.

Lotura handia izan zuen Eusko Ikaskuntzarekin (Sociedad de Estudios Vascos). "Academia de la Historia"-ko urgazle izan zen, baita Frantziako Akademiako kide ere, eta Gipuzkoako kronikari eta seme kutun izendatu zuten.

Donostian hil zen, 1941eko martxoaren 16an.

Iturria
Idoia Estornés Zubizarreta
Auñamendi Eusko Entziklopedia